Eduki publikatzailea

Fahmi Alqai

A PIACERE. GAMBA, ROCK & ROLL

Fahmi Alqai rockean hasi eta Sevillako kontserbatoriora hurreratu zen, "solfeo, harmonia eta kontrapuntu apur bat ikasi nahi zuelako". Gaur egun, viola da gambaren munduko interpreterik garrantzitsuenetakotzat jotzen da, bai eta antzinako musikaren interpretazioaren berritzailerik handienetakotzat ere, errepertorio historikoetara hurbiltzeko duen ikusmolde arriskutsu, pertsonal eta komunikatiboari esker. Ostiral gau honetan, bere energia musikalaz gozatuko dugu antzinako musikarentzat ohikoa ez den eszenatoki batean.

INTERPRETEAK

Fahmi Alqai, viola da gamba

Sevillan jaio zen 1976an, aita siriarra eta ama palestinarra zituen, eta Sirian eman zituen bizitzako lehen hamaika urteak. Bertan hasi zen musika ikasten, oso txikia zela. Geroago, Espainian, modu autodidaktan ikasi zuen, harik eta 1994an Manuel Castillo Sevillako Goi Mailako Kontserbatorioan sartu zen arte, Ventura Ricorekin viola da gamba ikasteko. Schola Cantorum Basiliensisen (Basilea) eta Svizzera Italiana Kontserbatorioan (Lugano) jarraitu zuen ikasten, Paolo Pandolfo eta Vittorio Ghielmi maisuek gidatuta, hurrenez hurren. Aldi berean, Odontologiako Lizentziatura atera zuen Sevillako Unibertsitatean.

 

1998an bakarlari ibilbidea hasi zuen, viola da gambarako errepertorio alemanean espezializatuz; Johann Sebastian Bachen viola da gamba eta klabezinerako sonaten bertsioek, 2004an Alberto Martínez Molinarekin batera grabatutakoek, kritika ezin hobea izan dute emanaldi guztietan, bai publikoaren aldetik, bai prentsa espezializatuaren aldetik. Ondoren, antzinako musika talde ospetsu ugariko kide izan da, besteak beste, Hesperion XXI (Jordi Savall) taldean. 10 urte baino gehiagoz ibili da munduan zehar biran talde horrekin.

 

2002an Accademia del Piacere sortu zuen Mariví Blasco sopranoarekin batera, eta talde horretako zuzendaria da. Halaber, bere anai Rami Alqhairekin batera, ALQHAI & ALQHAI zigilu diskografikoa sortu zuen. Harekin Accademiaren lau CD ekoitzi eta grabatu ditu, horietako bi Seicento italiarrari eskainiak (Le Lacrime di Eros, Prelude Classical Music 2009 saria, eta Amori di Marte), eta hirugarrena Marais eta Forquerayren viola da gambarako musika birtuosoari eskainia (International Classical Music Awards 2011 sarietarako izendatua). 2012an, Fahmi Alqhaik Sevillako Flamenkoaren Bi urteko Jaialdian Musika Onenaren saria jaso zuen, bere laugarren CDko musikagatik. Las idas y las vueltas izeneko lan hori Arcángel flamenko kantariarekin batera grabatu zuen. Accademia del Piacere-ren zuzendari legez, Alqhaik hainbat toki ospetsutan jo du, besteak beste Vienako Konzerthausen (Austria), Berlineko Konzerthausen, Koloniako Philharmonien (Alemania), Lisboako Gulbenkian Fundazioan (Portugal), Erromako Parco della Musican (Italia), Madrilgo Auditorio Nazionalean (Espainia) eta Cervantino de Guanajuato Nazioarteko Jaialdian (Mexiko).

 

2014an, bere bakarkako lehen CDa aurkeztu zuen Glossan, A piacere izenekoa. Espainian, Alemanian eta Europa osoan harrera ezin hobea izan zuen haren viola da gamba historikoaren ikuskera berritzaileak. Gramophone aldizkari britainiarrarentzat CD «aparta» da, «Viola da gamba potentzial handiko eremu berri batera eramaten duena», eta «viola izan zitekeen eta oraindik izan daitekeen guztiari gorazarre zoriontsu bat» egiten diona.

 

2009tik FeMAS Sevillako Antzinako Musika Jaialdiko zuzendari artistikoa da.

 
 

EZ GALDU

Eguna eta ordua

  Irailak 9

Ate irekiera: 21:30

Kontzertua: 22:30

Lekua

  Urban Rock aretoa

      Deba eraikina. Gamarrako atea, 1 Gasteiz